Zergatik Protokolo bat ?


Normalean “protokolo” hitza “itun” edo “hitzarmen” bezalako adierazpenak baino formalagoak ez diren akordioak izendatzeko erabiltzen da. Egia da, bai, Protokolo mota asko dagoela. Baditugu, esaterako, sinadura-protokoloa, hain zuzen ere, aldeek idatzi duten itun baten tresna subsidiarioa. Emendakin-protokoloa ere badago, aurretik onartutako itunak moldatzeko xehapenak jasotzen dituena. Protokolo fakultatiboa itun bati eskubide eta betebeharrak eransten dizkiona. Edota protokolo osagarria, aurretik onartutako itun bat osatzeko xehapenak biltzen dituen tresna. Halere, guk jorratu nahi dugun Protokoloa Itun batean oinarritutako Protokoloa izango da. Hau da, aurretik onartutako itun edo hitzarmen baten helburua erdiesteko betebeharrak jasotzen dituen tresna bat.

Dena dela, kontuan hartuta Protokoloak 1996an onartutako Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala (HEDU) izango duela oinarri, kasuren batean osagarria ere izango dela aurreikusten dugu, hain zuzen ere, hogei urteetan gizartea aldatu egin delako eta duela bi hamarkada aurreikusi ez ziren elementuak gure eguneroko bizitzan ohiko bihurtu direlako. HEBP zehaztu behar izan dugunean ere, egun indarrean dauden hainbat Protokolo izan dugu gogoan. Egia da, ingurumenarekin lotutakoak izan direla gureari gehien hurbiltzen zaizkionak, hain zuzen ere, protokolo horietan neurri zehatzak jasotzeko bokazioa izaten dutelako. Bestalde, interesgarria iruditu zaigu behin Protokoloa onartuta hurrengo urratsak edota bertan jasotzen diren neurrien monitorizazioa nola egiaztatzen duten baloratzea, eta akaso, horregatik gure helburuak betetzeari begira ezaugarri interesgarrien biltzen dituena Ozono-geruza Agortzen duten Substantziei buruzko Montrealgo Protokoloa izan da, eta, ondorioz, hori izango dugu ardatz nagusi.