Proeiktuaren helburuaz


Hizkuntza eskubideak gizakiaren oinarrizko eskubideetan kokatu behar ditugu, zalantzarik gabe. Hizkuntzek komunikatzeko balio dute, baina hizkuntza errealitatea ezin zaio lotu bakarrik dimentsio komunikatiboari; hau da, hizkuntzak ezin dira kulturetatik bereizi. Hizkuntzen eta kulturen arteko harremana ukatzen denean, hiztunen eta herritarren duintasunari muzin egiten zaio. Hartara, hizkuntza aniztasunaren aldarrikapena pertsonen eskubide guztien defentsarako ekarpen gisa ulertzen dugu.

Horrexegatik, garatu nahi dugun dinamikak tresna bat eskaini nahi du bide honetan; hain zuzen ere, gizarte ongizatean eta elkarbizitzan laguntzeko ekarpena; bai eta bakean ere. Izan ere, hizkuntza komunitateekiko jardun demokratikoen bilakaerak giza baldintza guztiekiko errespetuaren bermea ekarriko du.

Europa osoan zehar hizkuntza komunitateak euren berezko hizkuntzetan bizi ahal izateko antolatu dira. Ehunka dira hizkuntza gutxituen garapenean, hainbat eremutatik, lan egiten duten gizarte erakundeak.

Proiektu honek horien bilgune izan nahi du, Europako gizarte zibilak hizkuntza aniztasunaren garapenerako proposamena gauzatzean lidergoa izan dezan. Proiektu honen bidez gizarte eragileen, antolakundeen eta adituen arteko prozesu bat zabalduko da, hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzeko protokolo bat jorratzeko eta horren ondorioak nazioarteko goi bilera batean aurkezteko.

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa (HEBP) hainbat lantaldek aurreko urteetan garatutako adoste prozesuaren emaitza izango da eta ikuspegi zientifikoa, akademikoa eta gizartearen ikuspegia bilduko ditu. Hizkuntza gutxituen egoera irauli eta hizkuntza komunitateen arteko berdintasunean oinarritutako Europa eraikitzeko tresna. Hortaz, proiektutik sortutako ondarea, protokoloa, nazioarteko foro eta instantzietara eramango da izaera anitzeko erakundeek hizkuntza aniztasunarekiko duten konpromisoaren arautzaile gisa erabil dezaten.